2018(e)ko urtarrilaren 26(a), ostirala

GURASOAK IKASTOLAN

Aurreko astean eta oraingoan ikastolako guraso bat etorri zitzaigun bere ekarpena egitera. 
Oraingoan Oihana Barrutia etorri zaigu, Oihana zientzialaria da eta eskuak garbitzearen garrantziaz jabetzeko tailertxo bat proposatu digu.

Pasa den astean ikastolara pila bat sagarrekin eta taperrekin agertu zen, zertarako ote? 

Oihanak zientzialarien zereginaren berri eman zigun baita guretzako ikerketatxo txiki bat proposatu ere. 
Lehenengo gure eskuak begiratzeko eskatu zigun, eta zikinak al zeuden? Ez ba! Ustez garbi-garbiak zeuden... Ondoren lupa utzi zigun begiratzeko eta... hor agian zikinkeria gehiago ikusten zen. 

Horren ostean bi talde handitan banatu ginen, eskuak garbitu gabe zituztenak eta eskuak garbituko zituztenak. Talde hauen barruan hiruko taldeetan banatu ginen. Lehenengo eskuak garbitu gabe zeuzkatenekin hasi ginen eta hauei sagar erdi bana banatu zitzaien. Eskuetan sagarra asko igurtzi ondoren tapertxo batzuetan sartu genituen, tapa itxi eta kanpoan etiketa jarri genion "garbitu gabeko eskuak",

Ondoren beste taldea eskuak garbitzera joan zen eta ondo garbitu eta ondo lehortu ondoren gelara etorri ziren zirujauak bezala, eskuak gora altxata ezer ez ikutzeko. Hauei ere hiruko taldeetan banaturik sagar erdi bana eman zitzaien eta prozedura bera jarraitu zuten. Sagarra eskuetan ondo igurtzi zuten, honen ostean taperretan sartu, tapa itxi eta markatu genituen.

Eguzkiak ematen duen gelako izkina batean utzi genituen aste betez eta egunero begiratu dugu nola aldatzen ziren sagar zatitxoak. Batzuk zikin agertzen ziren egunik egun eta beste batzuk ordea ez. Ezetz igarri zeintzuk zeuden zikin!

Aste betera berriro etorri zen Oihana, oraingoan mikroskopio eta guzti!

Bi sagar ale ezberdin hartu zituen, bata esku garbiekin ikututakoa eta bestea garbitu gabeko eskuekin ikututakoa. Ez dakizue zelako aldea! Esku garbiekin ikututakoa "ondo" zegoen eta garbitu gabeko eskuekin ikututakoak lizuna zeukaten. Batzuek zeukaten lizuna handiagoa zen, beste batzuena txikiagoa. Lizun hori mikroorganismoek sortutakoak dira! Baina ez pentsa mikroorganismo guztiak txarrak direnik eh! Gure barruan ere baditugu, yogurtak ere baditu... Beraz arbel digitalean mikrooskopian ikusten zuena ikusi ahal izan genuen eta zelako nazka! Ondo ikasi genuen bai zelako garrantzitsua den eskuak garbitzea!

Sagarrak ikusteaz gain gauza gehiago ere ikusi genituen, iratzeetan dauden esporak, hondar mota ezberdinak: koraleko hondarra, hondar bolkanikoa... Gure azala, ilea, euliren bat ere...
Oso oso interesgarria izan zen eta asko gustatu zitzaigun Oihanak azaldutakoa eta mikrooskopiotik eta baita luparekin gauzak ikustea ere!

ESKUAK GARBITU GABE ETA GARBITUTAKO ESKUEKIN IKUTUTAKO SAGARRAK:

























ESKERRIK ASKO OIHANA HH05eko GUZTION PARTEZ!!!

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina